ETB emozioen festa izan dadin, aldatu gidoia euskararen alde!
Fermintxo Zabaltza Aleman
Aldatu Gidoia
2024-ko irailak 30
ETBk bere denboraldi berria aurkeztu du irailaren 3an: “Emozioen festa” dakarrela esan digu. Ordea, zenbait gertakari kezkagarri aurkitu ditugu:
”Vaya semanita” saioa izanen da berritasun nagusietako bat. Aktore euskaldunak ikusiko ditugu gaztelaniaz lan egiten, beste behin. Euskal Herrian badira aski gidoilari, zuzendari, artista… euskaldun, profesional onak, euskarazko umore saioak egiteko. Erdarazko saio hori ETB1en sustatzen ikusteak min ematen du.
ETBk bereziki nabarmendu duen beste saio bat “Generación click” da. Eta erdarazko izenburua aukeratu dugu, saio hori gaztelaniaz egin duelako ETBk, eta bertan gazte euskaldunak erdaraz egiten jarri dituelako. Gero, dena erdaraz egin ondoren, euskarara bikoiztu du, euskarazko bertsioa ere izan dadin. Gauza bera: badira aski profesional euskaldun on, asko langabezian, edo prekarizatuak, gauza direnak halako saioak euskaraz egiteko, eta euskararen ikuspegiarekin, gazteak bultzatuko ez dituztenak erdarara lerratzera.
”RH+”: beste umore saio bat gaztelaniaz. Aktore euskaldun gehiago ikusiko ditugu espainieraz lanean.
”Vascos por el mundo”: Galizan, Katalunian, Valentziako erkidegoan… Beren hizkuntzatan egiten dituzte halako saioak, eta elkarrizketatuek beren hizkuntzan erantzuten dute (baldin badakite, behintzat). “Vascos por el mundo” saioan, beste behin, dena erdaraz izanen da, “agur” eta halakoak kenduta.
Deigarria da, bestalde, denboraldi berriaren aurkezpenean ETB3 aipatu ere ez izana. EiTBk (beste behin) ez du egin haur eta gaztetxoak ETB3ra eta euskarara ekartzeko eduki berritu eta erakargarrien alde . 3Catk, aldiz, haur eta gaztetxoentzat eskaintza oparoa iragarri du denboraldi berrirako (La Vanguardia, 2024-09-06). Besteak beste, katalanez emanen dira “Bola de drac Super”, Paw Patrol (“La patrulla canina”) eta One Piece serie arrakastatsuak. Fikzio-eskaintza ere aipatu dute: dena katalanez.
ETBn, ordea, nazioarteko fikzio guztia espainieraz ematen da: ETBren irizpidea da nazioarteko fikzioak euskaraz ez duela ikuslerik, eta ez duela merezi euskaraz ematea (bikoizketa-industria birrindu zuten erabaki horrekin, bidenabar). Denboraldi honetan ere ez da aldaketarik izanen ETBren eta, beraz, Eusko Jaurlaritzaren, erabaki horretan.
Euskararen biziberritzearen egitekoari buruz ere hitz erdirik ez Euskal Telebistaren denboraldi berriaren aurkezpenean. EiTBren iraganeko agerraldi eta oharretan ere ez dugu euskararen biziberritzeari buruzko aipamenik gogoan. Hor ere aldea nabaria da Kataluniako 3Cat irrati telebista publikoarekin. Izan ere, 3Cat-k aldiro-aldiro aipatu izan du gaia ohar, agerraldi eta plan estrategikoetan. Aintzat hartu eta bere egin izan du Kataluniako irrati-telebista publikoak katalanaren biziberritzean duen ardura. Esanguratsua da iaz (Diari Ara, 2024-02-03) aurkeztu izana 3Cat-k katalanaren kale-erabileraren atzerakadari galga jarri eta egoera iraultzeko plana (Pla d’Impuls Lingüístic). Planak bi urtetan inplementatu beharreko 30 neurri eta jardunbide biltzen ditu. Neurrien artean daude: katalanera bikoiztearen aldeko apustua handitzea (3Cat-ek katalanera bikoiztuta eskainitako serie eta film arrakastatsu kopurua %34 handitu nahi dute), plataformetan katalanaren presentzia biderkatzea eta hizkuntzari buruzko programak emititzea (hizkuntza ikasteko eta herritarren kontzientzia linguistikoa suspertzeko).
Azkenik, Nafarroa Garaian ere ez da berri onik, euskarazko telebistari dagokionez. Nafarroako Gobernuak abuztuan jakinarazi duenez (zehazki, Komunikazioaren eta Proiekzio Instituzionalaren Zuzendaritza Nagusiak), ETB3 ez du emitituko Nafarroako multiplex autonomikoaren bidez, gorabehera teknikoak direla eta. Ez du beste alternatibarik aurkeztu.
Euskararen egoera oso larria da, gero eta hizkuntzalari gehiagok ohartarazi bezala. Azkena Kike Amonarriz soziolinguista izan da (Zenbatek egingo du euskaraz 2075. urtean?, Berria, 2024-09-07), baina ikusten denez, agintariek ez dituzte ikus-entzunezkoak erabili nahi egoera iraultzeko.
Beraz, mugimendu euskaltzaleak lanean segitu beharko du, Kultura Sailari eta EITBko arduradunei dei egiten, eta kalean mobilizatzen, euskaldunen erkidegoak etorkizunik izango badu.