PSOE Frantziaren kontra
Fermin Zabaltza Aleman
Administrazioan Euskaraz Taldea
2024-ko irailak 19
2009. urtean, Nafarroako Gobernuan UPN zegoela, errepideetako seinaleetan “Francia” soilik jartzen zuten, hots, gaztelania hutsean. Herritar batek kexa jarri, eta Arartekoak gobernuari gomendatu zion ele bitan jartzeko, hau da, Frantzia/Francia (09/589/C espedientea). Eta Nafarroako Gobernuak bete egin zuen, handik aurrera.
Ordea, duela hiru urte, 2021. urtean, Nafarroako Gobernua N-121-A errepidea berritzen hasi zen Ezkaba-Olabe tartean, eta berriz ere “Francia” bakarrik jarri zuen seinaleetan, “Frantzia” gabe.
Herritar batek berriz kexa jarri, eta Arartekoak berriz ere gomendatu zion Nafarroako Gobernuari ele bitan jartzeko (Q21/935 espedientea). Baina oraingoan, UPNrekin ez bezala, Nafarroako Gobernuak ez zuen onartu. PSOEren eskuetan dagoen Lurraldearen Kohesiorako Departamentuak erantzun zion ez zegoela legez behartua errotuluak ele bitan jartzera, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaiarengatik. Egia da: 2017an, PSOEko Juan José Lizarbek errekurtsoa jarri zuen Euskarari buruzko 103/2017 Foru Dekretuaren kontra, UGT sindikatua ordezkatuz, eta epaileek artikulu batzuk baliogabetu zituzten, besteak beste ele biko errotulazioari buruzkoak. Arartekoak gomendatu zion ele bitan jartzeko, legez behartuta egon gabe ere (“eremu mistoan”), baina Nafarroako Gobernuak ezetz esan zuen.
2023an Nafarroako Gobernuak N-121-A errepidea berritu zuen Soraurenetik Sunbillarako tartean: Hamarnaka seinaleetatik (gehienetatik) kendu zuen “Frantzia”, eta erdarazko “Francia” bakarrik utzi. Berriz ere kexa jarri zuen herritar batek, eta Lurraldearen Kohesiorako Departamentuak (Óscar Txibite kontseilariaren esku) era guztietako argudioak eman zituen euskarazko forma ez erabiltzeko. Baina Arartekoak ez zituen onartu, eta gomendatu zion ele bitan jartzeko (Q24/55 espedientea): Alde batetik, esan zuen “eremu euskaldunean” seinaleak legez ele bitan jarri behar zirela, 2017ko epaia gorabehera. Beste aldetik, esan zuen eremu mistoan ez zegoela errotuluak “gaztelaniaz eta euskaraz jartzea eragozten duen ezer. Irizpide inklusibo hau (…) errespetu-, babes- eta sustapen-printzipioekin lerrokatuta egoteaz gain, aplikatzeko erraza da, behar bezala aurreikusiz gero ez du baliabide gehigarririk eskatzen”.
Azkenik, 2024an, Lurraldearen Kohesiorako kontseilari Óscar Txibitek esan zuen gomendioa onartuko zuela… baina etorkizunean! “Trafiko seinaleek kostu handia dutenez, (…) trafiko seinalea edo kartela soilik aldatuko da hondatzen denean, betiere bandalismoagatik hondatu ez bada”.
Zenbat iraun dezake trafiko seinale batek? 20, 30 urte? Hauxe da Nafarroako Gobernuaren estrategia: euskararen kontra errotulatu, norbait kexatzen bada aitzakiak eman, luzamenduetan ibili, eta bitartean euskararen kontra errotulatzen segitu, eta gero esan garestia dela seinaleak aldatzea.
Bestalde, esan behar da seinale askotan badela lekua “Frantzia” jartzeko. Ikusten denez, zalantza izan zuten, ele bitan edo erdara hutsean jarri, eta erabaki zuten erdara hutsean idaztea (gehien-gehienetan).