“Arghitzen” torturaren inguruko Sakanako dokumentala ekainaren 26an estreinatuko dute Altsasun

Dokumentalaren egileek, Torturaren Sareak eta Sakanako udalen ordezkariek iragarri dute estreinaldiaren data. Sakanatik mundura torturaren salaketa egin nahi dute, Nafarroako bailara honetan ia 150 pertsonek sufritu bai dute tortura azken hamarkadetan.

2024-ko ekainak 9

Manu Gomezek azaldu du prozesua ausarta izan dela, auzolanean egindako. “Tortura kontatzea ekimen konprometitu eta ausarta da. Torturaz baliatzen den Estatuari egiten zaion desafioa. Lehenengo urratsa torturarekin behingoz eta betirako bukatzeko. Tortura garaitzeko”.

Hogei mila inguru biztanle besterik ez dituen Sakanan gutxienez 149 pertsonek pairatu dute tortura 1966 urtetik 2011 urtera doan epealdian. “Espainian egon diren Gobernu guztiak baliatu dira torturaz”, gogoratu du Gomezek. Eta “Herriaren kontzientzia kontrolatzeko” erabili dutela ere argitu du dokumental honetako egileak.

Arghitzen dokumentalean tortura pairatu duten 30 sakandarren lekukotzen bidez kontakizun zorrotz eta dinamiko bat egin dute. “Eta, bereziki, torturaren zulotik nola atera ahal den jakiteko”, gehitu du Gomezek. Horretaz gain, zuzenbidean, kazetaritzan, historia garaikidean, psikologian eta kriminologian adituak diren hainbat pertsonek hartu dute parte dokumental honetan: Amaia Izko eta Iñigo Iruin, Iñaki Egaña, Martxelo Otamendi, Laura Pego… “Torturaren egia itzaletik argitara ateratzeko” egindako lana “inork, inoiz, inon tortura pairatu ez dezan egin behar den bidea erakusteko” helburua duena.

Joxe Aldasoro da dokumentalean agertzen den torturatutako bat, eta eskerrak eman dizkie filmaren egilei. “Nik nire bizipena azaldu dut dokumentalean. Ez da ariketa erraza izan, baina eskertua nago aukera izan dudalako kontakizun hori egiteko. Torturatuak izan garenok agertzen gara torturaren biktima bezala, bai, baina baita ere gure herriaren bizitza kolektiboan parte hartzen dugun sujeto aktiboak bezala. Oso argi daukagu gure herriarekin hartutako konpromisoak eraman gintuela torturaren biktima izatera. Zorionez, torturak ez du gure Herriarekiko dugun konpromisoa eten, eta ulertzen dugu gure ardura dela orain guk bizi izan duguna kontatzea.”

Nafarroako Torturatuen Saretik, Ainara Gorostiagak egindako lanagatik eskerrak ematez gain, horrelako lanek  torturaren aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermearen bidean, egiten duten ekarpena azpimarratu nahi izan du. Arrazoi politikoengatik eskubideen urraketa pairatu duten pertsona guztiei, Nafarroako Biktimen Legeak ireki duen prozedurara aurkezteko gonbita luzatu die. “Lege hau ez da guri gehien gustatuko litzaigukeena, baina uste dugu aukera batzuk ireki ditzakeela aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermearen norabidean”.

Crowdunfing eta udalen ekarpena

Arghitzen dokumentala herritarren diru ekarpenen bidez egin da, eta horietako batzuek datorren ekainaren 26an Altsasun eginen den estreinaldian izanen dira. Ondoren, filma Sakanako gainontzeko herrietan ikusteko aukera izanen da, izan ere, bailarako udal guztiek euren ekarpena egin zuten filma egin ahal izateko.

Gehiago