Azken lan istripu hilgarria salatu dute sindikatuek, garraio sektorearen prekarietatea jo puntuan jarriz
Sindikatuak Imarkoaingo Garraioaren Hirian elkartu dira, istripuan hildako azken garraiolaria gogoratzeko eta laneko ezbehar kopuru handia salatzeko.
2024-ko maiatzak 16
Hiru, LAB, CGT-LKN, Steilas, ESK eta EHNE sindikatuetako hainbat kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Imarkoaingo Garraioaren Hirian, ANET Nafarroako garraio-enpresen elkartearen aitzinean, “Lan istripu gehiagorik ez; prekaritateak hiltzen du” lemapean, Nafarroako errepideetan gertatzen den ezbehar kopuru handia salatzeko eta astelehenean Ejea de los Caballerosen (Zaragoza, Espainia) hildako garraiolari nafarra gogoratzeko. Aurten 9 langile nafar hil dira lan istripuan, lanean edo lanerako bidean, eta horietako 7ren heriotzek errepidearekin izan dute lotura.
2024. urtea bereziki tragikoa izaten ari da Euskal Herrian, errepideko istripu hilgarriei dagokienez. Dagoeneko 23 langile hil dira, eta horietako 8 garraiolariak ziren.
Sindikatuek behin eta berriz salatu izan dute “lan baldintza prekarioak” daudela ezbehar horien gibelean. “Alde batetik, patronalak laneko arriskuei aurrea hartzeko arauak ez betetzea dago, langileen bizitza eta osasunaren gainetik irabaziak eta mozkinak lehenesten baitituzte. Bertzalde, Administrazioaren utzikeria dago, ez baitu neurririk hartzen eta ez baititu beharrezko baliabideak paratzen enpresek prebentzio-arau horiek bete ditzaten: ez dago ikuskatzaile nahikorik, eta arau-hausteak ez dira zigortzen”, esan dute.
Nafarroa, lan istripuetan tasa handia
Nafarroak, berez, badu lan istripuen tasa handia –Espainiar estatuan, bakarrik Balear Uharteek gainditzen dute Nafarroa–. Baina, gainera, errekor negatiboak ari da hausten errepidearekin loturiko istripu hilgarriei dagokienez. 2024an, hildako bederatzi nafar langileetatik, zazpiren heriotzek errepidearekin izan dute lotura.
“Garraio sektorean gertatzen diren heriotzak, merkantzien sektorean bereziki, sektorearen lan baldintza prekarioekin zuzenean loturik daude. Malgutasun handiko sektorea da, eta lan erritmo handiegia du. Horrek, bertzeak bertze, 11 ordu arteko lanaldiak eragiten ditu egunean, hitzarmen bidez itundutako urteko lanaldiak baino askoz gehiago. Hitzarmen hori, gainera, izoztua dago 2008tik, soldata bezala”, azpimarratu dute.
Hildako garraiolarien adin handia ere aipatu behar da. Izan ere, ia hildako guztiek 50 urte baino gehiago zituzten, eta gehienak 60 urte inguru. Hortik heldu da Hiru sindikatuaren aldarrikapen historikoa, Administrazioak onar dezan garraiolarien erretiro aurreratua, eta, era berean, kontuan har dezan zenbat gaitz kardiobaskular dauden sektorean laneko arriskuak prebenitzeko planak finkatzerakoan.
“Sektorea zahartzen ari da, ez dago erreleborik, gazteak ez baitira garraioan hasten lan baldintzak ez direlako duinak. Eta horrek arriskuan jartzen du garraiolarien eta errepideko gainontzeko erabiltzaileen segurtasuna; izan ere, adin batetik aurrera, konortea galtzeko eta bihotzekoa edo istripua izateko arrisku handiagoa dago”, diote sindikatuek.