Kotto Alzuguren preso beratarrari buruzko dokumentala ekoizteko diru bilketa eginen dute

Alzuguren Soriako espetxean hilda aurkitu zuten 2005ean. Maiatzaren 14tik ekainaren 10era crowfunding kanpaina egingo dute Itsulapikoa.eus web atariaren bidez.

2024-ko maiatzak 7

> Diru bilketa Itsulapikoa webgunean

2025eko urrian Kotto Alzuguren beratarra (Nafarroa) Soriako espetxean hilda aurkitu zutela 20 urte beteko dira eta Espidobaita Elkarteak haren bizitzari buruzko dokumentala ekoizteko herri ekimena martxan jarri dute.

Ekimenaren azalpena emateko, agerraldia egin dute Beran. “Zuhaitzak, edozein izaki bizidunak bezala, haren bizitzan ziklo ezberdinak zeharkatzen ditu. Adaxkaren zaurgarritasuna, gaztetasunaren grina, heldutasunaren sendotasuna, eta azken urteen zimeldura motela. Tartean, ordea, badira aizkoraz edo motozerraz moztu eta hiltzen dituzten zuhaitzak. Horrela irudikatzen dugu espetxe politikaren ondorio lazgarrienak bizi izan dituzten hainbat herritarren kasua, mendeku politikak baldintza gizagabeetan azken mugaraino estutu eta bizitzen jarraitzeko indarrak galarazi izan dituztenak”, azaldu dute.

Kotto Alzuguren Beran jaio eta errotu zen, hainbat gizarte mugimenduetan murgildurik. “Kirola maite zuen, futbolari eta mendizale amorratua; Berako kultur ekimen guztien laguntzaile eta parte hartzaile nekaezina; zurgina; euskararen nahiz Euskal Herriaren defendatzaile sutsua; baita zinegotzi izandakoa ere. Baina ez zuen bide erraza izan, itzal handiko zuhaitzei gertatzen zaien bezalaxe”. Kotto bitan espetxeratua izan zen, baita torturatua ere. 2005eko urriaren 31n Soriako espetxean hilik aurkitu zuten.

“Gure herriaren zauriak sakonak dira baina, zuhaitza zitalkeriaz moztuta ere, hura basora erortzean bizitzak zerumuga berriak bilatzen ditu. Eroritako zuhaitzak basoarentzat ongarri bihurtzen dira, bizigai. Hemen ez da ezer bukatzen, basoa loratzen jarraituko da”, adierazi dute dokumentalaren bultzatzaileek.

Proiektua finantzatzeko Itsulapikoa.eus webgunean crowfunding kanpaina martxan jarriko dute “gure bizilagun Kottoren bizitza oroituko duen eta espetxe politika hiltzailea salatuko duen dokumentala aurrera eramateko”.

Gehiago