Kalean bizi direnei baliabideak eskaintzea administrazio publikoen beharra dela gogoratu dute bazterkeriaren aurka lan egiten duten elkarteek

Etxegabeei ostatua bermatzea eskatu dute hainbat elkarteek Iruñean egindako elkarretaratze batean. Iruñeko Udalak hartu dituen neurriak ez direla nahikoak adierazi dute, eta Nafarroako Gobernuaren ardura azpimarratu dute.

2024-ko apirilak 22

Nafarroako Gobernua eta Iruñerriko udalen ardura jo puntuan izan dute Migratzaileendako Informazio Gunea, Elkarri Laguntza, Lantxotegi, Paris 365, Elkarte, Oxfam Intermon, Haritu eta SOS Arrazakeria-Nafarroa elkarteek. Erakunde hauen esanetan, administrazio publikoen jarduna faltak “pertsona gehiegi behartzen ditu kalean bizi eta lo egitera”.

Iruñeko Udalak jakinarazi zuen martxoaren 31n bukatzen zela “hotz-kanpaina” deiturikoa. “Harrezkero, etengabe murrizten ari dira ostatu-plazak. González Tablas maiatzaren 19an itxiko da eta orduan 150 pertsona baino gehiago geldituko dira kalean”, elkarte hauek emandako datuen arabera. Berriki ezagutu da etxegabeei eta egoera zaurgarrienean daudenei zuzendutako 9 etxebizitza egokituko dituela Iruñeko Udalak, eta ikusteke dago neurri honek nola eragingo duen eta zein puntutaraino konponduko duen egoera.

Nafarroako Ararteko berak gomendio bat egin zien Nafarroako erakundeei etxerik ez duten pertsonei urte osoan ostatua eta mantenua bermatzeko neurriak hartzeko, baliabide eta plaza nahikoekin. “Urteko edozein unetan kalean bizitzeak eta lo egiteak ondorio asko dakar, besteak beste, segurtasunik eta intimitaterik ez izatea, atseden hartzeko gunerik ez izatea, eta beste ondorio asko”. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetatik pentsioetan ostatu hartzen duten familiek ere pairatzen dituzte gabezia asko.”, ohartarazi dute elkarte hauek.

Kritika zorrotzena, Nafarroako Gobernuarentzat

Nafarroako erakunde guztiek ardura dutela eta arazoari irtenbide egoki bat emateko urrun daudela gogoratzeaz gain, Gobernu Foralaren ardura azpimarratu nahi izan dute. Izan ere, “bera da pertsonen ostatua eta mantenua bermatzeko betebeharra duena, Udalen laguntzarekin, eta ez alderantziz, orain arte gertatu den bezala”. Eta baliabide nahiko dituela ere gogoratu nahi izan dute. “Nafarroako Gobernuak eraikin eta etxebizitza publiko asko ditu hutsik”, eta pertsona horiei ostatu emateko erabili ditzala eskatu diote

“Aberastasunez eta bizi-kalitatez harro dagoen Nafarroa batean, hemen bizi diren pertsona guztien oinarrizko beharrak asetzea eta haien gizarteratzea erraztea lehentasunezko helburua izan beharko luke, eta hori posible egiteko behar diren baliabideak bideratu beharko lirateke”, adierazi dute elkarteek.

Bukatzeko, erroldaren auzia aipagai izan dute. Tokiko instituzioei eskatu diete erroldatzeko eskubidea bermatzea euren udalerrietan bizi diren eta hala eskatzen duten pertsona guztiei, osasun-laguntza, hezkuntza eta gizarte-eskubideak eskuratzeko aukera emanez.

Gehiago