Iñigo Leza (Trenaren alde): “Despopulazioan are gehiago sakonduko luke AHTak”

"Nafarroa Trenaren Alde", "Araba Trenaren Alde" eta Goierriko AHTrik Ez plataformek, larunbat honetan, arratsaldeko 18:00tan Altsasun burutuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.

2024-ko apirilak 18

Biztanle bakoitzeko Abiadura Handiko Trenaren kilometro gehien dituen herrialdea da Espainia eta gutxien erabiltzen duena. Renferen datuen arabera eskualdeko eta distantzia ertaineko zerbitzuak dira desplazamenduen %96; %4 dira abiadura handiko trenen bidezkoak. Hala ere, inbertsioa handiagoa da azken hauetarako: %80a eramaten duelako. “Kezka” eragiten du Nafarroako landa eremuan bereziki abiadura handiko trenaren “eraikuntzak eta etorkizunak”. Kalteak “izugarriak” izan daitezkeelako ingurumenean eta herritarrengan. “Bada beste aukerarik. Dagoen trenbide sarea egokitzearekin nahikoa litzateke”, esan du Iñigo Leza Trenaren Aldeko Plataformako kideak.

Abiadura Handiko Trena ez dela beharrezkoa esaten ari dira zenbait plataforma. Landa eremuari kalte txikiagoa eraginen liokeen alternatiba badela diote. Egungo trenbide sarea egokitu eta mota desberdinetako trenen joan-etorria ziurtatuko lukeena. “Txikizioa ez litzateke horrenbestekoa izanen eta herritar askorentzako erabilgarri litzateke guk mahai gainean jarria dugun aukera”, azaldu du Iñigo Leza Trenaren Aldeko Plataformako kideak Euskalerria Irratian egindako elkarrizketan. “Despopulazioaz horrenbeste hitz egiten den garaian arazo horretan gehiago sakonduko lukeen proiektua litzateke abiadura handiko trenarena”, uste dute.

Gehiago