Mendillorriko gazteek Maya alkateari: Zer arazo duzu landatu ditugun barazkiekin?

Udalak eta poliziek Herri Baratza desegiten saiatu diren arren mendillorriko Gazte Mugimenduak bere ekimenarekin aurrera jarraitzeko erabakia azaldu du eta dagoeneko letxua arruntak, haritza letxuak eta porruak landatu ditu baratzan.

2014-ko abuztuak 13

Urte hasieran egindako diagnosi batena oinarrituta, Mendillorriko Gazte Mugimenduak erabaki zuen Herri Baratza martxan jartzea gazteria auzoko problematikei eman beharreko erantzunetan inplikatzeko eta zailtasunak dituzten familien artean barazkiak banatzeko.

Hala, Udalaren lursail “utzi” batean baratza eraikitzeari ekin zioten: eremua mugatu, aitzurrak hartu, lurra lantzeari ekin eta lehenengobarazkiak landatu. Gazteek salatu moduan, ordea, udalaren erantzuna azkarra izan zen. Udaltzainak eta Polizia Nazionala bidali zuten baratza desegitera. Gazteen erantzuna berehalakoa izan zen ere, eta azkar batean beste 50 letxua landatu zituzten.

Herri Baratzarekin aurrera
Mendillorri Gazte Mugimenduak agerraldia burutu du Maya alkateari (UPN) galdetzeko ea zer arazo duen gazteek landatutako barazkiekin, eta beren proiektuarekin aurrera jarraituko dutela azaltzeko. Era berean, Udaletxearekin hitz egiteko prest daudela adierazi dute, baita “Udalaren jarrera ezagututa” ez dutela horretara itxoingo lanean jarraitzeko.

Modu horretan, atzo bertan barazki gehiago landatzeari ekin diote, tartean haritza letxuak eta porruak. “Gure artean harremantzeko, auzokideen beharrei erantzuteko eta pertsona bezala hazteko zein hezteko modua” dela azaldu dute gazteek, eta norabide horretan auzokideen babes et alaguntza jasotzen ari direla nabarmendu dute.

EH Bilduk Mendillorriko herri baratza babestu eta eredugarria dela adierazi du

EH Bildu Iruñeak adierazi du landu gabeko lur zatiak baratz sozialak egiteko ekimena oso interesgarria dela eta UPNk ekimen hau zapuzteko udaltzaingoa erabili izana kritikatu du. Koalizio abertzalearen hitzetan “UPN babes sozialerako bitarteakoak deuseztatu ditu sistematikoki Iruñean zein Nafarroan eta orain langabezia eta bazterketa soziala pairatzen duten pertsonekiko sentsibilitate eza azalerazten du”.

Koalizioak adierazi du eskuineko politikek eraman gaituztela "egoera latz honetara" eta krisi sozioekonomikoak eraginda badagoela bere beharrizanak asetzteko bitartekorik ez duena. Norabid ehorretan, jendarteak abian jartzen dituen "irtenbide berritzaileak egoera latz hauek moteltzen" lagun dezaketela azpimarratu du.

Azkenik, EH Bilduren ustez “Iruñeak behar duen alternatiba hiritarraren adibide berria dugu” Mendillorriko ekimena, eta halaber, “pertsonengan pentsatzen duen udala” beharrezkoa dela adierazi du, “kontzientzia ekologikoa bultzatuz giza mugimenduen premiazko lana babestuko duen udala”.

Gehiago