Zer dira Israelgo koloniak?
Argia.com agerkari digitalean argitaratu duten erreportai honetan Israel eta Palestinaren arteko gaztazkaren alde garrantzitsu baten berri ematen digute: Israelgo koloniak. Kolonia hauen jatorria, izaera eta sortzen dituzten ondoriak agerian geratzen dira egindako bideo erreportaian.
2014-ko uztailak 24
Hebron inguruko kolonia batetik irtetean hil zituzten hiru gazte israeldarren kasuak mendeku politikari ateak ireki zizkion: ehunka hildako eta milaka zauritu eragin ditu Israelgo armadaren azken operazio militarrak. Eta sorburuan kolonien arazoa agertzen zaigu.
Zergatik deitzen zaie kolono han bizi direnei?
Israelek okupatutako lur palestinarretan eraiki dituen bizitokiak dira koloniak. Bertan juduen komunitateak bizi dira. Nazioarteko legeak legez kontrakotzat jo dituzte. Txalet-multzo itxurako gotorleku armatu hauek Nazio Batuen Ginebrako Hitzarmena urratzen dute. Militarki okupatutako lurretara herritarrak eramatea zehazki debekatzen badu ere, Israelek guztiz kontrakoa egin du 1967ko gerran Zisjordania okupatu zuenetik.
Zergatik aritu ordea, nazioarteko legearen kontra?
Herrixka horien eraikuntzaren bitartez lur horien gaineko jabetza ziurtatu nahi du Israelgo Gobernuak; etorkizunean bake-akordiorik balego horrek suposatuko lukeenari aurre hartuz. Kolonien eraispena izan da palestinarrekin bake-hitzarmenik ez lortzeko arrazoi nagusietako bat. Israelek presionatzeko duen karta bat da. Gobernuak iritzi tinkoa du gai honetaz: akordio guztiek kolonien biziraupena jaso behar dute. Palestinarrek, jakina denez, diote ezinezkoa dela Israelek de facto indarrez okupatuta duen lur baten gainean negoziatzea. 1993ko Osloko negoziazioen hastapenetik hona Palestinako lurretan bizi diren kolono israeldarren kopurua bikoiztu egin da. 2005ean Israelek Gazan zeuden kolonia apurrak eta Zisjordaniako batzuk deuseztatzea onartu bazuen ere, kopurua egunetik egunera handitzen ari da. Gaur egun, miloi erdi inguru kolono daude.
Zerk bultzatu du norbait legez kanpoko zonalde militarizatu batean bizitzera?
Arrisku horiek hartzeko prest direnen argudio nagusia erlijioa da. Jainkoak judutarrei han bizitzeko eskubidea eman diela uste dute kolonoek. Halere, badira ulerterrazagoak diren beste arrazoi batzuk ere: kolonietan bizitzeko laguntza ekonomikoak ematen ditu Israelgo Gobernuak. Kolonoek zerga txikiagoak ordaintzen dituzte. Etxebizitzarako eta kredituak lortzeko laguntza bereziak dituzte. Enpresek hobariak jasotzen dituzte kolonietan egoitza jar dezaten. Laguntza hauei esker lan eskaintza handia dago kolonietan eta, paradoxikoa bada ere, kolono enpresariek palestinarrei lana ematea beste biderik ez dute.
Bestetik, kolonoen %75a (360.000) ultraortodoxoa da. Beraz, laguntza orokorrei gehitu behar zaizkie erlijio-komunitate horrentzat espresuki dauden aparteko laguntzak. Ultraortodoxoen komunitateetan hamarretik seik ez du lan egiten. Torá, haien liburu sakratua ikastera dedikatzen dira eta hilero 500 euroko pentsioa jasotzen dute. Umeentzako laguntza berezia ere jasotzen dute. Kontuan hartu behar da familia ultraortodoxoek, batez beste, 5 eta 7 seme-alaba artean izaten dituztela. Eskola talmudikoetan – haien ikastetxe erlijiosoetan – ikasteko beka bereziak ere eskuratzeko eskubidea dute. Eta Israelen derrigorrezkoa den 3 urteko zerbitzu militarra egitetik salbuetsita daude.
Koloniak Zisjordania okupatuaren barruan badaude ere haien azpiegiturak Israelekin lotuta daude. Kolonoek bakarrik erabil dezaketen 200 kilometrotik gorako errepide sarea eraiki dute lur palestinarretan. Koloniak eta kolonoak babestea helburu bakarra duten Israelgo armadaren milaka soldadu daude Zisjordanian. Justiziaren aurrean ere aldeak daude. Kolonoak lege zibilaren arabera epaitzen ditu Israelgo justiziak baina palestinarrak Israelgo aginte militarraren legeriapean bizi dira. Checkpointak, gaueko etxeratze-aginduak, kargurik gabeko atxiloketa prebentiboak eta bestelako murrizketa andana dira aginte militarraren ondorioak palestinarrentzat.
Gatazkaren konponbideari eta balizko Palestinako Estatu baten sorrerari nola eragiten dio?
Zisjordania gaur egun gruyer gazta baten modukoa da; elkarren artean deskonektatuta bizi diren zonalde txiki askok osatutakoa. Koloniek Zisjordaniako lurraren %3a besterik okupatzen badute ere, errepideek, base militarrek, Checkpointen, Harresiaren eta gainerako segurtasun zonaldeen inguruko azpiegiturek lurren %40a hartzen dute. Israelgo etxebizitza ministroak egunotan adierazi duen gisan, ez dute kopuru hori txikitzeko inolako asmorik.
Urteak joan, urteak etorri bake negoziazioak hasi, gelditu, bertan behera utzi eta berriz hasten dira. Bien bitartean, errealitatea da Israelgo Gobernua geroz eta lur gehiago kentzen ari zaiela palestinarrei, kolonia berriak eraikiz edo daudenak handituz. Nazioarteko potentzia gehienek ostrukarena egiten nahiko lan dutela dirudi, mundu osoaren aurrean legea nola urratzen duten ezikusiarena egiteko.