Zaintzarik gabe, bizitza duinik ez

Denok behar dugu zainduak izan, eta beraz, denok beharko genuke ere gure ingurukoen zaintzen ardura hartu. Guk haiengatik eta haiek guregatik, azaroaren 30ean: Greba Feminista Orokorra.

amaia zufia Bilgune Feminista

2023-ko azaroak 22

Azaroaren 30ean Greba Feminista Orokorrera goaz. Greba feminista? Bai. Orokorra? Baita ere. Paradoxa izan daiteke zaintza eremuan zentratutako greba bat deitzea, ezinezkoa baita eremu hori erabat gelditzea, zaintzak bizitza bera sostengatzen duen heinean. Paradoxa izan daiteke etxeko langileekin batera greba bat antolatzea, greba egiteko eskubidea bera ukatzen zaienean. Hori da Mugimendu Feministaren erronka, paradoxa horien bitartez azaleratzea gure jendarteak daukan kontraesanik handiena: biziraupena eta ongizatea bermatzen duten jardunak bigarren mailan batean daude, ikusezin, “produktibotasuna” eta “errentagarritasun ekonomikoa” lehenesten duen ekonomiaren mesedetan.

Pandemiak mozorrorik gabe utzi du agerian zaintza egituren krisi orokortu batean murgilduta gaudela, egitura hauek aspalditik direlako ahulak eta desegonkorrak: osasungintzako itxarote zerrenda amaigabeez, zahartzarorako erresidentzia publiko ezaz edota etxez etxeko zerbitzuaren mugaz ari gara, besteak beste. Zerbitzu publikoen atzerakadaren garaian, beraz, norengan dago zaintzearen ardura?

Zaintza lanak, ordainduak zein ordaindu gabeak, emakumeen gain daude. Are, pribatizatuta daude, bai familien eremura bideratzen direlako, bai zerbitzuak azpikontratatuta ematen direlako. Ez da harritzekoa, hortaz, azpimarratzea: baldintza prekarioetan zaintzen da. Alegia, familia bihurtzen da sistemak alde batera uzten dituen premiak betetzeko berme bakarra. Eta familiaren baitan gizonek hartzen ez dituzten ardurak, emakumeek hartzen dituzte (azken hauek egunean batez beste 2,2 ordu gehiago zaintzen dute; eta Nafarroan, zaintzeko lan-baimenak eskatzen dituzten pertsonen %82 emakumeak dira). Menpekotasun handiko egoerak daudenean, betiere horiek ordaintzeko gaitasuna izatekotan, etxeko gatazka kanporatu egiten da, lan merkatuko enplegu prekarizatuarekin estaliz. Gehienetan, egoera irregularrean dauden emakume migratu eta arrazializatuak egoiliar moduan kontratatzen dira, esklabotasuna gogorarazten duten baldintzetan.
Zaintzako hamar enplegutik bederatzi emakumeek betetzen dituzte Nafarroan, honako sektore hauek kontuan hartzen badira: adinekoen egoitzak, desgaitasuna, esku-hartze soziala, etxea eta etxeko arreta-zerbitzua. Eta, esan gabe doa, hirugarren sektorean erregulazio falta eta prekarietate handiena duen eremua dela, baita soldata baxuenak eta jubilazio pobretuenak biltzen dituena ere. Adibiderik garbiena dira etxeko langileak, oraindik ere Lan Erregimen Orokorrean aitortuak izateko zailtasunak baitituzte.

Horrenbestez, ez da harritzekoa zaintzaren sektorean grebak ugaritu izana, esaterako, adinekoen erresidentzietan, garbiketa zerbitzuetan edo haur eskoletan. Emakumeen bizitzak guztiz hipotekatzen dituen gaia izanik, feminismotik gure jarduna sektore horien aldarrikapenetan ardaztera derrigortuta gaude: horregatik deitu dugu Greba Feminista Orokorra.

Sektore feminizatua da zaintzarena, bai. Baina horrexegatik, hain zuzen, dei egin dugu greba orokorrera: Zaintzak emakumeen ardura eta zama izateari utzi behar diolako. zaintzak pertsona guztion ardura eta arazoa direlako. 2018 eta 2019ko greba feministak erreferente izanik, greba orokorraren logika urrunago eraman nahi dugu: metalgintzan, tailerretan, industrian, sektore produktiboan ari diren langileak kalera atera daitezen nahi dugu, lan baldintza prekario eta zaurgarrienak dituzten emakume langileen alde. Gainera, lantokiak husteko deia egiten dugu, baina gure bizitzak transbertsalki zeharkatzen dituen gai bati buruz ari garenez, lantokietatik haratago, greba honek etxeak eta familiak astintzea nahi dugu. Zaintzaren praktika desorekatua zein ulerkera patriarkal eta arrazistak eraldatu nahi ditugu.

Horrez gain, alderdi eta instituzioak seinalatu nahi ditugu: keinu hutsalekin bide okerretik doaz. Ez dezatela gure diskurtsoa lapurtu ezerezean geratzen diren politikak egiteko. Ez da posible Nafarroako Gobernuak “Zainketen aldeko itunak” martxan jartzea, prestazioak eta lan-baldintzak duintzeko aurrekontua handitu gabe. Ez da posible EAJk zaintza eredu “publiko, komunitario eta feministaz” eta “Itun sozial berriaz” hitz egitea, herritarren oinarrizko zaintza beharrekin negozioa egiten jarraitzen badu. Zaintza lehen mailako arazo politikoa da, gure bizitzak, herriak, komunitatea daude jokoan. Eta ez, denak ez du balio.

Greba honetan bizitzaren defentsa gordinaz ari gara, bizimodu duina eraikitzeko oinarriaz, eta horri erantzungo dioten egiturak eraikitzeaz. Kalitatezko zerbitzu publikoak garatzeaz ari gara, zaintza lanei balioa emateaz, familian eta komunitatean ardurak era orekatuan banatzeaz, zaintza sektorean lan egiten dutenek lan-baldintza duinak izateaz. Laburbilduz, pribatizazioarekin eta babes faltarekin amaituko duen zaintza sistema publiko eta komunitario baterantz urratsak emateko hartuko ditugu kaleak. Bakoitzak ahal duen moduan eta neurrian, jakin badakigulako emakume askok ezingo dutela bere lan jarduna eten.

Denok behar dugu zainduak izan, eta beraz, denok beharko genuke ere gure ingurukoen zaintzen ardura hartu. Guk haiengatik eta haiek guregatik, azaroaren 30ean: Greba Feminista Orokorra.

Gehiago