Barañaingo udalak herritar euskaldunen eskubideak urratzen dituela salatu du kirolari talde batek

UPNk gidatzen duen Udal Gobernuak kirol zerbitzuko administrari lanpostuan euskararen ezagupen eskakizuna desagerrarazi duela, eta orain ez da ematen euskaraz arretarik.

2023-ko abenduak 13

Barañaingo hainbat kirolari euskaldun eta euskaltzale bildu dira Udalak kirol arloko euskarazko arretarekin bukatu duela salatzeko.
Erabaki honen ondorioz “udal zerbitzu honetan ere, udalak herriko bizilagun
euskaldunok bigarren mailako herritarrak” bezala hartzen dituela azpimarratu dute.

Gogoratu dutenez, 2021ko urte arte kirol zerbitzuko administrari lanpostuak euskararen
ezagupen eskakizuna zuen eta langile elebidun batek arreta ematen zuen. “UPNk, garaian NA+k, beste hainbat lanpostuekin
batera euskara ezagupenaren eskakizuna kendu zion lanpostu honi. Orain,
langile berria sartu da lanpostu horretara, euskararen ezagupena eskatzen
ez denez, langile elebakarra sartu da lanpostu horretara eta ezin du
euskaraz arretarik eman”, salatu dute.

Euskarafobia

Zabaldu duten manifestuan UPNren “jarrera euskarafoboa” salatu dute, eta nabarmendu dute aldaketa hauek “udal zerbitzuen
kalitatean galera” dakartela. “Gainera neurri hau Barañaingo euskara ordenantzaren kontra
doa, honen helburua “Barañaingo bizilagunek udal zerbitzuak euskaraz izan
ditzaten bermatzea” delako. Gainera, ordenantza honi jarraikiz, Nafarroako
Auzitegi Administratiboak Barañaingo Udalak hartutako antzeko neurriak
atzera bota zituen, Lagunakeko eta Kultur Etxeko atezaintzena besteak beste”, gogoratu dute.

Barañaingo kirolari euskaldun eta euskaltzale talde honek adierazi du “irmoki” defendatuko dutela “Barañainen, aisialdian, hezkuntzan, lan
eremuan, kirola egitean, zein udalarekin harremantzerakoan euskaraz” egiteko eskubidea.

Gehiago