Irantzu Mankomunitatean Euskara Teknikaria arriskuan

Irantzu Mankomunitatearen Euskara Teknikariaren lanpostua egonkortzearen aldeko sinadura bilketa egiten ari dira. Abartzuza, Villatuerta, Deierri, Gesalatz, Jaitz, Lezaun eta Oteitza udalerriak biltzen dituen Mankomunitateak lanpostu publiko gehienak egonkortu badituzte ere, euskara zerbitzuari dagokiona ez. Teknikariak ematen duen zerbitzua, beraz, desagertu daiteke, eta euskararen egoerak behar duelakoan, euskaltzaleak babesak biltzen ari dira.

2023-ko maiatzak 10

Abartzuza, Villatuerta, Deierri, Gesalatz, Jaitz, Lezaun eta Oteitza udalerriak biltzen dituen Irantzu Mankomunitatean lanpostu gehienak egonkortu dituzte azken urtebetean, ez ordea euskara zerbitzuari dagokiona. Eta, jakina, lanpostua egonkortu ezean, zerbitzua ere ez da egonkortuko. Beraz, eta orain arte bezala, kolokan jarraituko du.

Lizarraldeko zonalde honetan euskararen ezagutza nabarmen handitu den arren, oraindik ere gehiengoak ez daki euskaraz eta, beraz “herritarren jarrera aktiboa” behar dela uste dute ekimen honen bultzatzaileek.

Irantzu Mankomunitateko euskara zerbitzuaren funtzioetako batzuk euskarazko kultur ekitaldiak antolatzea, kultur sorkuntza bultzatzea, aholkularitza ematea udalei eta herritarrei, D ereduko familiei laguntzea, euskararen aldeko ekimenak hauspotzea dira, besteak beste.

“Zerbitzua sortu zen unetik bertatik izan da ezegonkorra euskara teknikari lanpostua. Zenbaitetan, udaletako aurrekontu txikia aipatu izan da egoera horren arrazoi nagusi, eta hala, Nafarroako Gobernuak ematen dituen dirulaguntzen menpe egon izan da. Dirulaguntza horiek bi atal dituzte: bata euskara zerbitzuaren kanpainak, kultur ekitaldiak, tailerrak, ekintzak, argitalpenak eta abar laguntzeko; bigarrena, lanpostuaren gastuak laguntzeko, funtsean, nomina. Bigarren hori, baina, Nafarroako 30 bat euskara zerbitzuetatik soilik hiruk jasotzen dute. Izan ere, ezohikoa da eta soilik egonkortze bidean dauden zerbitzu sortu berriei eskaintzen zaie finkatzeko”, azaldu dute zonaldeko euskaltzaleek.

Beraz, badirudi zerbitzua ez egonkortzearen motibo bat izan dela zerbitzua bera egonkortzeko Nafarroako dirulaguntza galtzeko kezka. Eta, ondorioz, gehiegizko gastua bilakatuko litzateke. “Baina, zenbat da «gehiegizko gastu»? Bada, biztanleko 7 eta 8 euro artean”, zehaztu dute.

“Ezegonkortasun egoera horrek ondorioak ditu. Lehena, herritarren eta familien ziurgabetasuna; bigarrena, lanpostuan ari diren langileena. 18 urteko ibilbidean zazpi euskara teknikari ezberdin aritu dira lanean. Horrek dakarren guztiarekin, bai langileen espektatiba profesionalekin eta lan-eskubideekin, bai zerbitzuari dagokionean”, salatu dute.

Euskaltzale talde honek Irantzu Mankomunitateko batzarrak, eta berau osatzen duten zazpi udaletako ordezkariek azken hitza dutela azpimarratu nahi izan du. “Azken urtebetean bitan erabaki dute euskara zerbitzuaren lanpostua ez egonkortzea. Zinegotzi batzuk alde, besteak kontra, gehiengo estuak ezezkoaren alde egin du eta, beraz, zerbitzuak kolokan jarraituko du”, ohartarazi dute.

Gehiago