Egiak agerian uzten duen desberdintasuna

Martxoaren 24a egiarako eskubidearen nazioarteko eguna da. Estatu-bortxa pairatu genuontzat, urtez urte errealitate egoskor baten aurka jotzen gaituen eguna da.

Ane Muguruza eta Ainara Esteran. Egiari Zor Fundazioa

2023-ko martxoak 24

Erregimen militar faxistak diseinatu eta onartutako lege-arau baten bidezko eskubide horren legezko ezabapena; zehazki sekretu ofizialen 9/1968 legearen bidez. Indarrean dagoen arau juridikoa eta epe demokratikoan zehar gobernu guztiek erabili dutena.

Egiarako eskubidea ezinbestekoa da Justizia, Erreparazioa, memoria eta ez errepikatzeko bermeen eskubideak eskuratzeko. Hain zuzen, egia izateko dugun eskubidea urratuz, gure izaerari dagozkion gainerako eskubideak ezabatu zituzten. Zorionez, Hego Euskal Herrian, aitortzarako legeak abian jarri dira, jasandako biktimazioei eta hauen testuinguruari erreparatuz. Estatuak (giza eskubideen bermatzaileak) ukatu egiten gaituen egia ezarriz. Kasu askotan ezkutatzeaz harago, Egia kutsatu egin zuten. Hain zuzen Estatuko aparatuek edo horien akieszentziarekin aurrera eramandako giza eskubideen aurkako jarduerak zigorgabetasunez estaltzeko eraikitako bertsio ofizialen bidez. Gai honen perbertsio etikoak hausnarketa sakonera eraman beharko gintuzke.

Giza Eskubideen nazioarteko estandarretan oinarrituta, egia azaleratzen ari da, eta agerian uzten du gatazka politikoaren testuinguruan Estatuak eragindako krimenak ezkutatzeko eta manipulatzeko helburuz modus operandi argi bat; Hau garrantzitsua bezain larria da. Haren ondorioak ordea ez dirudi modu integralean landu nahi direnik.

Asko aurreratu dugu, aitortu eta poztu beharra dago horregatik. Duela 10 urte, tortura falazia handia zen. Terroristek jarraitutako eskuliburu bat, Estatuko segurtasuneko indar armatu eta gorputz polizialen izen ona zikintzen saiatzeko. Duela 10 urte eskas, Estatu-bortxaren biktima eta kaltetuak ez ziren existitzen, GALen edo BVEren biktima gutxi batzuk baino ez, hori bai, berezko belaunaldiz sortutako talde armatu gisa, botere politiko eta polizialarekin inolako loturarik gabekoak noski.

2012/107 Dekretuaren bidez, EAEn 187 pertsonak jasandako giza eskubideen urraketei buruzko Egia ofiziala ezarri zen. Gero, 2016/12 Legearen bidez beste 81 kasutan ere… eta askoz gehiago izango dira aitortuko diren kasuak horretarako lanean jarraitzen dutelako.

Martxoan 2019/15 Legea abian jarri dute Foru Erkidegoan, eta horrek ere emaitzak emango ditu, zalantzarik gabe.

Torturaren txostenen arabera, kasu ofizialak 5.311 dira dagoeneko.

Eta orain, Barne eta Justiziako ministro ohiek orain arte ukatzen zutena berresten dute… bazekiten atxilotuak torturatzen zituztela, aginduak ematen zituztela Estatuko terrorismo-ekintzetan…Aitorpen hauen izan dituzten ondorio bakarrak prentsan agertutako titularrak izan badira ere.

Aurrera egin dugu, zalantzarik gabe, baina oraindik asko dago egiteko.
Kasu askotan egia ezarri arren, diskriminazio nabaria jasaten jarraitzen dugu, jasandako indarkeriaren jatorriaren arabera.

Gehiago