Leringo 19 familiak herriko eskolan euskarazko lerroa irekitzea eskatu dute
Familiek salatu dute 2022ko azaroan Nafarroako Hezkuntza Departamentuari D eredua eskatuz egindako instantziek ez dutela erantzunik jaso. Behatokia eta Sortzen Udalarekin harremanetan jarriko dira, ikastetxe ondoko lokal hutsak Hezkuntza Departamentuaren esku jar ditzan eskatzeko.
2023-ko martxoak 10
Leringo hainbat familia elkartu ziren atzo Udaletxe plazan, herriko haurrek eskola publikoan euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko elkarretaratzean.
Jakitera eman zutenez, Hezkuntza Departamentuari Leringo Doña Blanca de Navarra eskola publikoan euskarazko D ereduko lerroa irekitzea eskatzeko Leringo haurren familiek instantziak erregistratu nahi izan zituzten eskolan, baina ez zituzten eskaerak jaso nahi izan. Ondorioz, zuzenean Hezkuntza Departamentuan erregistratuko dira berriz. Azaroan egin ziren eskariak eta atzo aurrematrikulazio epearen barruan egin nahi zirenak kontuan hartuz, jada herriko 19 familiek eta horietako 25 haurrek egin dute D ereduaren aldeko eskaria.
2022ko azaroan, euskarazko irakaskuntza eskatzen zutenek legeak markatutako gutxiengo eskari kopurua aise gainditu arren, martxoaren 7an ireki zen aurrematrikulazio epean, gurasoei ez zaie eman Doña Blanca de Navarra ikastetxean D eredua hautatu nahi dutela adierazteko aukerarik.
“Are gehiago, gaur gaurkoz ez dute azaroan sartutako instantzien erantzunik izan, eta Sortzen guraso elkarteak Eskola Kontseiluan eskatutako azalpenen bidez jakin izan dute 2023-2024 ikasturterako Hezkuntza Departamentuak ez duela asmorik D ereduaren irekieraren alde ezer egiteko”, salatu du Sortzen elkarteak.
Espazio falta
Eskola Kontseiluan Hezkuntzako Zuzendari Nagusiak egindako adierazpenen arabera, oraingoan ikastetxean espazio falta dago, hori da behintzat argudiatu dutena D eredua ez ezartzeko, baina familiei ez diete dagozkien txosten teknikorik helarazi ez eta irtenbideak aztertzeko inongo asmorik azaldu.
Egoera honen aurrean, Hizkuntz Eskubideen Behatokia eta Sortzen Guraso Elkartea Udalarekin harremanetan jarriko direla iragarri dute. “D eredua ez irekitzeko arazoa espazio faltan izango balitz, Udalak hutsik dituen ikastetxe ondoko eraikin eta lokalak Hezkuntza Departamentuaren esku jar ditzan” eskatu dute.
Euskararen Legearen ondorioak eta soluzioak
1986ko “Euskararen Legeak” ezarritako eremu “misto” eta “ez-euskaldunetako” herrietan horrelako egoerak urtero errepikatzen direla gogoratu du Sortzenek, eta horiek konpontzeko deia egin diete Nafarroako Gobernuko arduradunei. “Euskarazko irakaskuntza bultzatzen hasi daitezen eta dauden oztopoak ezabatzeko beharrezko bitarteko guztiak martxan jar ditzaten” exijitu diete. Izan ere, aipatu legeak berak zehazten du, 25. artikuluan, ikastetxe publikoetan «eskariaren araberako irakaskuntza euskaraz emateko lerroak» sortuko direla, eta euskaraz irakatsiko zaiela «hala eskatzen duten ikasle guztiei, eskolatzearen amaieran hizkuntza horren ezagutza-maila nahikoa lor dezaten».
Mendigorrian eta Larragan euskara lerroak ireki eta gero, Lerinen zein Nafarroako gainerako herri guztietan haurrek hezkuntza publikoan Nafarroako berezko hizkuntza den euskara ikasteko duten oinarrizko eskubidea aldarrikatu dute “gizarte justuago eta berdinzale baten alde”.