Pasaiako segada argitzeko beste aukera izanen da, epaitegietan auzi berriz ireki eta gero

Gipuzkoako Auzitegi Nagusiak berriz ireki du Pasaiako segadaren auzia, eta errekonozimendu saio batera deitu ditu 1984ko martxoaren 22ko operazioan parte hartu zuten 7 polizia. Horren harira, Pasaiako segadan eraildakoen senideek nahiz abokatuak eta Azpeitiko Udaleko ordezkariek adierazi dute 40 urte daramatzatela auzia salatzen, eta azpimarratu dute badela ordua gertatutakoa "behar bezala" ikertzeko eta argitzeko. Horretarako gizartearen babesa "garrantzitsua" izango dela adierazi dute.

2023-ko otsailak 8

Gipuzkoako Auzitegi Nagusiak berriz ireki du Pasaiako segadaren auzia, eta auzitegi horrek deklaratzera deitu ditu 1984ko martxoaren 22an Pasaian izan zen polizia operazioan parte hartu zuten zazpi lagun. Horren harira, azken berrien inguruko balorazioa egiteko, Pasaian hildakoen senideek, haien abokatu Santi Gonzalezek, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Aiert Larrarte Azpeitiko Udala herri akusazio gisa defendatzen duen abokatuak agerraldia egin dute gaur eguerdian Azpeitiko udaletxean.

Pello Aizpuru Pasaiako segadan hildako Dionisio Aizpuru Kurro-ren anaia izan da hitza hartzen aurrena, eta adierazi du ia 40 urte igaro diren arren, eta berandu den arren, senideentzat ez dela beranduegi izango Pasaiako badian gertatu zena behar den bezala ikertu eta argitzen bada. Egia, justizia eta errekonozimendua eskatu ditu, eta azaldu du gaia gizarteratzeko “harreman dinamika bat” abiatu dutela. Martxoaren 28ra bitarte, alderdi, sindikatu, gizarte eragile eta instituzioetako ordezkariekin harremanak sustatzea dute helburu, ordurako deitu baitu Donostiako Instrukzioko 2. Epaitegiak Joseba Merino, lau militanteen ustezko hiltzaileetako batzuk identifika ditzakeen ikusteko.

Senideen abokatuak hartu du hitza jarraian, eta auziak orain arte epaitegietan egin duen bidea aletu du. Garbi esan du orain arte epaitegien aldetik ikerketa juridikorako “borondate eskasa” egon dela, baina kontatu du egoerak beste norabide bat hartu zuela duela urte eta erdi inguru. Joseba Merinok, segadatik bizirik atera zen Komando Autonomo Antikapitalistetako militante bakarrak, ekintza hartan parte hartu zuten zenbait polizia identifikatu zituen TVEren bideo batean. Hori epaitegien esku utzi zuen abokatuak, eta hark berriz ireki du ikerketa. Identifikatutako poliziak lekuko gisa deklaratzera deitzea erabaki zuen epaileak, baina senideen abokatuak helegitea jarri zuen, haiek ikertu gisa egin zezaten. Auzitegien onespena izan zuen helegiteak, baina epaileak baldintza gisa jarri zuen haien identifikazioa gauzatzea. Hala, zazpi polizia deitu ditu identifikazio saio batera, Rosa Jimenok eta Merinok identifikatu ditzakeen zehazteko.

Gonzalezen ustetan, epaile berriek bestelako jarrera erakutsi du. “Uste dugu nahiko borondate baduela eta interesa badaukala hau guztia ikertzeko behar den moduan. Hala ere, badakigu kasuak mugak izango dituela, duela 39 urteko kontuak direlako eta zaila izango delako norbait ezagutzea. Estatuak estatua ikertzen duenean, horrelakoak gertatzen dira”. Horregatik, “indarra egiteko” eskatu dio herriari. “Gu ari gara indarra egiten senide moduan, baina herriari ere eskatzen diogu indarra egin dezala hau guztia argitu dadin. Hori da gure plana orain, ez dakigu noraino iritsiko den epaitegietan, baina badakigu epaitegietatik kanpo ere lan egin beharko dugula”. Egia jakin arteko bidea luzea izango dela onartu du Gonzalezek; izan ere, “gauza asko falta zaizkigu jakiteko, espediente hau, nolabait esatearren, zulatuta baitago, eta zulatuta badago, horretarako borondate politikoa egon delako da”.

Larrartek hartu du hitz gero, eta motz eta zehatz jardun du. Esan du epaileak bi bide jorratu behar dituela ikerketaren une honetan. Batetik, delitu bat egin ote den zehaztea, jada baieztatu dagoena. Bestetik, delitua egoztea. Hori da “zailtasun” nagusia. Horretarako, epaile eta abokatuez gain, beste instituzio batzuek ere urratsak egin ditzaketela azaldu du: “Zenbat polizia zeuden egun horretan? Ehun, 150, 200? Herri honetan inork ez daki bat bera ere nor zen?”. Senideek egin bezala, abokatuek ere gaia gizarteratzearen premia adierazi dute, herritar, eragile eta instituzioek auzian eragiteko. “Ez dakigu noraino iritsiko den epaitegietan, baina badakigu profitatu behar dela aukera epaitegietatik kanpo ere”, azaldu du Gonzalezek. “Euskal Herrian egongo dira instantzia nahiko zeintzuk izan ziren badakitenak?”, galdetu du Larrartek.

Azpeitiko alkate Nagore Alkortaren hitzetan, helburua da egia jakiteko ikerketa abiatzea, ondoren senideek justizia eta erreparazioa ere izan ditzaten. “Gure aldetik senideei babes osoa adierazi eta kasua argitu arte beharrezko bide guztiak agortuko ditugula adierazi nahi diegu”.

Gehiago