Migratzaileen eskubideak errespetatzeko eskaera kaleratu zuten atzo Iruñean

Atzo, abenduak 18 Pertsona Migranteen Egunean, migrante elkarte eta horien defentsan aritzen diren eragileek gogorarazi zuten "migratzea eskubidea dela, bizimodu duina eta berdintasunean bizitzeko eskubidea, non eta nola bizi nahi dugun erabakitzeko eskubidea".

2022-ko abenduak 19

Desioez betetako eskutitz bana “bidali” zizkioten Iruñeko Udalari eta Nafarroako Gobernuari “pertsona guztientzako bizitza duina bermatzeko bete behar dituzten eskakizunekin”. Gabonetarako Iruñeko Gaztelu Plazan kokatu duten zuhaitzean utzi zuten Udalari zuzendutakoa eta Migrazio Politiketako Zuzendaritzaren egoitzan Gobernu Foralari zuzendutakoa.

Gutun horietan eskatzen zen pertsona guztiak, baldintzarik eta eskakizunik gabe, erregularizatzeko. “Gogora dezagun orain estatuak beste aukera bat duela bere erantzukizuna eta betebeharrari erantzuteko, kongresuan 500.000 pertsona inguru erregularizatuko lituzkeen ILP (Erregulatizazioaren aldeko Herri Ekimen Legegilea) onartuz”, aipatu zuten. Horretaz gain, eskatu zuten polizia-kontrol arrazistak eta Atzerritartasun Bridadaren zitazioekin bukatzea. “Nafarroako polizien arteko lankidetza salatu nahi dugu, arrazalizatutako pertsonak kontrolatzeko eta mehatxatzeko koordinatzen baitira. Arrazakeriarik gabeko auzoak eta herriak nahi ditugu, mugarik eta checkpointik gabekoak”, gehitu zuten.

Pertsona guztientzako osasun-arreta, etxebizitza duina eta erroldatzeko eskubideak eskatu zituzten ere, eta gogoratu zuten erroldatzea oinarrizko eskubideen giltza bihurtu dela eta horren salaketa egin zuten.

Nafarroako Gobernuari “benetako harrera eta politika eraginkorrak” egiteko eskatu zioten, eta dagozkion baino askoz ere eskumen gutxiago hartzen dituela salatu zuten. Bestetik, udalei beren herri eta auzoetan bizi diren pertsona guztien eskubide-berdintasuna bermatzeko eskatu zieten.

Bukatzeko, Gobernu espainiarraren Migrazioa Politikan islatutako arrazakeria instituzionala salatu zuten “mugak eskubiderik gabeko eta heriotza guneak bihurtu” dituelako. “Ez dugu ahaztu Melillako sarraskia, politika genozida honen adibide lazgarria. Ez dugu heriotzarik onartzen Europara iristeko ahaleginean, heriotza gehiagorik ez mugetan”.

Gehiago