Ernaik gazteen bizitzen duintzea eskatu du, etxebizitza aldarrikatuz edota energetikoen mozkinak salatuz

Gazteen bizitzen berehalako duintzea exijitu dute, neurri zehatzak eta erroko eraldaketa aldarrikatuz. Horretarako, 8 ekimen ezberdin egin dituzte Hego Euskal Herriko hainbat tokitan, belaunaldi krisiaren erantzuleak markatuz.

2022-ko abenduak 2

Ernai Gazte Antolakundeak, “ORAIN dugu aukera dena aldatzeko” dinamikaren baitan ekimen deszentralizatuak egin ditu Euskal Herriko txoko ezberdinetan. Nafarroan, Sakanan eta Iruñean egin ditu, etxebizitza duina aldarrikatuz edota energia enpresen mozkinak salatuz.

Dinamika aurkeztu zuteneko aldarriak ekarri dituzte gogora, eta horien baitan interpelatu dituzte erantzuleak. Aldarriei dagokionez, belaunaldi krisiaren aurrean daudela adierazi dute, eta azpimarratu dute erabateko prekarizazioan bizi dutela. Azken hilabeteetako bizitzaren garestitzeak areagotu du egoera hau, eta horri gehitu diote hezkuntzaren merkantilizazioa, balio eta jarrera matxista eta autoritarioen gorakada, faxismoaren gorakadarekin batera edota neoliberalismoaren eraginez indibidualismoaren hedatzea eta bizi eredu kapitalista eta patriarkalen indartzea.

Ernaik “gazteen bizitzak berehalako duintzea” eskatu du, eta horretarako lan eta etxebizitza duina, osasun mentala zaintzeko baliabide publikoak, hezkuntza sisteman tasekin amaitzea eta energiaren eta oinarrizko produktuen prezioak mugatzea eskatu dute gazteek.

“Une historiko honetan, non kapitala inoiz baino gehiago ari denean bizitza arriskuan jartzen, erroko eraldaketa sozioekonomiko erradikalean kokatu eta herritar, langile eta gazte guztien bizitza duinak eskuratzeko zentralak diren neurriak” garatzea exijitu du Ernaik. Merkatuaren interbentzioa eta oinarrizko eta estrategikoak diren azpiegituren publifikazioa, aberastasunaren banaketa erradikala, zaintza sistema publiko komunitarioaren eraikuntza eta Hezkuntza publiko, burujabe eta nazionalaren eraikuntza jo ditu Ernaik erronka bezala.

Bestetik, Ernaik “bizi eredu eraldatzaileen” aldeko apustua egin eta “Euskal Herri askea gaurdanik eraikitzea” proposatzen du, bizi eta jendarte eredu horiek eraldatzeko gaitasuna izango duten alternatiba eta proiektuak herri eta auzoetatik eraikiz.

Testuinguruari ere egin dio erreferentzia Ernaik, eta baikor begiratu nahi dio etorkizunari. “Mundua hankaz gora badago ere, orain dugu dena aldatzeko aukera. Orain egiten ez badugu, agian, bihar, beranduegi izango baita. Orain egingo diogu aurre bizitzen uzten ez gaituen krisi eta kapitalismo zisheteropatriarkalari”.

Euskal Herri aske, sozialista, feminista eta euskalduna lortu arte borrokan jarraituko dutela adierazi du Ernaik.

Egindako ekimenen zerrendan, goizean besteak beste Nafarroako 3 argindar egoitza markatu dituztela aipatu du Ernaik, eta eskuorri zein kartelen bidez argindarra publikoki nola lortu zabaldu dute. Arratsaldean, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko ekimena egin dute Sakanan.

Gehiago