Egiari Zor: “Ordezkari instituzionalek saihestu beharko lukete Guardia Zibilaren biktima guztiak umiliatzea”

Urriaren 12an Euskal Herriko hainbat lekuetan egindako Goardia Zibila eta Espainiako Segurtasun Indarren aldeko ekitaldiak gaitzetsi ditu Egiari Zor Fundazioak, horiek Estatuko bortxaren biktimen umiliazioa eragiten dutelako.

2022-ko urriak 14

Urriaren 12ko ospakizunari buruz eta egun honen inguruko erakunde-diskurtsoei buruz dugun iritzia plazaratu nahi dugu.

Estatuak baliatutako bortxaren biktimengan zuzenean eragiten diguten gaiak dira hauek eta umilazio etengabea dakarte. Giza eskubideen urraketa oso larriak eta Estatu-terrorismoa praktikara eraman zituztenei gorazarre eta omenaldi instituzionalak egitearen ondorioz.Giza Eskubideen urraketen biktima gisa, gure iritzia berriz ere eztabaida publikora helarazten dugu, sentsibilitate eta iritzi guztiak erabat errespetatuz, baina gure lan-esparrua begi bistatik galdu gabe: bizikidetza termino demokratikoetan eraikitzen laguntzea.

Balio etikoetan eta giza eskubideak errespetatzean, indarkeria errefusatzean eta deslegitimatzean hezteko beharraz hitz egiten da, baina teoria guzti hau ez da aplikatzen Estatuak -besteak beste, bere gorputz armatuetako baten bidez (Guardia Zibila)- egindako giza eskubideen urraketa larriei dagokienez. Giza eskubideen urraketa oso larriak dituen gorputza da, eta torturarekin, gerra zikinarekin eta, azken batean, estatu-terrorismoarekin duen lotura ez da inoiz zehatz-mehatz ikertu, are gutxiago gizabanakoen erantzukizunetan. Talde bat, beraz, zigorgabea bere erantzukizun nabarmenen aurrean.

Giza eskubideekiko konpromisoan oinarritutako bizikidetza integratu eta integratzailea eraikitzea bada helburua, hausnartu beharko genuke, halaber, zer umiliazio-modu iraunkorrekin bizitzera behartu nahi gaituzten Estatuko bortxaren biktimak.

Umiliazio eta gure mina gutxiesteko sentimendu hori gure biktimazioa eragin zuten haiek etengabe gorestearen ondorio da; erakunde-egoitzan, Estatuko ospakizun eta jaialdietan duten ohorezko presentziaren ondorio, baita haien “ohorezko ibilbidea” goraipatzen duten erakunde-diskurtsoen ondorio ere.

Gaur, urriak 12, Espainiako gobernuak EAEn duen ordezkariari entzun diogu “gorak” eskeintzen Guardia Zibilari; Gorputz armatu honen menpeko kuartelak dira besteak beste, Tres Cantos, La Salve eta Intxaurrondokoa. Bertan ehunka pertsona torturatu zituzten eta handik batzuk hilik itzuli zizkiguten.

Atril instituzionaletik bizitza ugari moztu dituen gorputz armatu bati “Gora”? Milaka giza eskubideen urraketak -egun 12/2016 Legearen bidez ofizialki aitortzen ari direnak- eragin dituen gorputz armatu bati “Gora”?

Herri honetan milaka pertsonak jasandako giza eskubideen urraketeei aitortza ofiziala emateko prozesuan egotea, eta Estatuak EAEn duen ordezkaritza gorenak urraketa horien arduradunei “gorak” eskaintzea oximoron bat ematen du.

Hauxe ez dirudi elkarbizitza eraikitzeko bide ona denik, are gutxiago demokratikoa. Izan ere, hala izaten has dadin, gorputz armatu horrek onartu egin beharko luke ustezko “terrorismoaren aurkako borrokaren” babesean egin zuen guztia -egin zigun guztia-, erantzukizunak bere gain hartu beharko lituzke. Baita modu sistematikoan eta inpunitate osoz torturatzeko aukera eman dion makineria osoa eraitsi beharko luke ere.

Ordezkari instituzionalek beste decorum batekin, beste erantzukizun batekin jardun beharko lukete. Saihestu beharko lukete ­egingarria baita­ Guardia Zibilaren biktima guztiak umiliatzea.

Gehiago