Arcelorrek iragarritako ABLEren aurka azaldu da LAB, eta “espekulazio tresna” bezala erabiltzen duela salatu du
Asteazkenean egindako bileran, 2023 urtearen bukaera arte luzatuko den ABLE bat aurkezteko arrazoiak azaldu zituen enpresak langileen ordezkariei. LABek dio "aitzakiak" direla, eta Arcelorrek "beste urrats bat" eman duela "urte luzeetan egin duen ABLEen erabilera interesatuan".
2022-ko irailak 16
Aspalditik heldu da Arcelorrek ABLEn erabilera interesatua egitearen jarrera. 10 urtez luzatutako ABLEa horren adibide dugu. Inongo lotsarik gabe beraientzako malgutasun tresna bat dela adierazi izan dute. Oraingoan, norabide horretan beste urrats bat eman du eta malgutasun tresna izatetik espekulazio tresna izatera pasa da.
Lan zama arazorik ez eta 2021. urtean 13.000.000.000 eurotako onurak eta 2022ko lehendabiziko hilabeteetan errekorreko irabaziak ere izan dituen enpresa batek urte bat baino gehiago luzatuko zen ABLE baten erabilera mahaiaren gainean jartzea lotsagarria baino gehiago da. Eta beste behin ere, lantegi bakoitzeko errealitatea kontuan hartzetik urrun, estatu mailako negoziaketa bat da planteatu dutena.
Esan beharra dago ere ABLEen erabilera mota hau ez zela egin ahal izanen lan erreforma eta erreformaren erreforma kaxkarrei esker izango ez bazen, UGT eta CCOOk modu triunfalistan saldu zutena.
Guzti honen aurrean LABek posizio garbia du, ez gara joko horretan sartuko, langileok ez gara enpresaren tresnak, ez gaituzte erabiltzen ahal nahi dutenean altzairuaren edota energiaren prezioaren arabera, are gutxiago, esan bezala, urtez urtez errekorrezko onura ekonomikoak pilatzen ari direnean.
Aski dela esateko garaia da, ez dugu onartuko langileokin espekulatzea beste behin ere, eta horretarako gure eskuetan dauden tresna guztiak baliatuko ditugu.