Agur, Jazar, agur!
8 urtetako jardueraren ondoren, Jazar Sormen Laborategiak bere ateak itxi ditu. Jaso ikastola zaharraren errentatzaileek alokairu-kontratua berritzeko borondaterik ez dute izan eta eraikina laster eraitsiko dute Etxabakoitzeko hirigintza plana garatzeko.
2022-ko ekainak 28
2014. urtean Iruñerriako diziplina anitzetako artista eta sortzaile talde batek, auzolanean, Arostegi Etorbideko 12· zenbakian kokatutako eraikin handia birgaitu eta egokitu zuen. Jaso ikastolak okupatu zuen orubea eta eraikina, hain zuzen ere.
Eraikina, urte hauetan zehar, sortzeko, ikasteko eta ezagutzak elkar trukatzeko gogoak izan dituen edonorentzat irekita egon da. Etengabeko eraldaketak bizi izan dituen espazio honek, Iruñerriari begirada berezi eta desberdina eman dio kultura, ingurumen eta gizarte testuinguruan.
Modu horizontalean kudeatu den proiektua, aurtengo maiatzaren 31n bere ateak itxi zituen, errentatzaileek alokairu-kontratua berritzeko borondaterik ez dutelako izan. Gainera, ziur aski eraikin zaharra datozen hilabeteetan eraitsia izango da Etxabakoitzeko hirigintza plana garatzeko eta AHT proiektua aurrera eramateko.
Hortaz, eta Jazarretik ohartu dutenez, Iruñeko hiri kultura alternatiboa aberastu duen taldea babesik gabe geratzen da espazio berri bat aurkitzeko zailtasunak direla eta.
Jazar kolektiboak Jaso Ikastolako instalazio zaharrak erabili ditu, bertan tailerrak, ikastaroak, lan artistikoak, proiektu profesionalak eta artisautzakoak garatu direlarik. Aldi berean, Iruñerriako kolektibo desberdinen ekimenak babesteko balio izan du. Edo Txalaparta 1. Kongresu Mundiala ere. Aipatzekoa da, urte hauetan zehar taldeak prestatutako guneetan 200 pertsona inguruk parte hartu dutela.
Eraikinak bildu dituen espazio eta egitasmoak honako hauek izan dira: bi patio, gizarte-areto bihurtutako jantokia, bikepark-a, zeramika , ehungintza eta estanpazio-teknika tailerrak , brikolajea, baratzea, hainbat musika-areto, antzerki entsegu-aretoa, medialab-a eta argazkigintza-laborategi kolektiboa besteak beste. Honetaz gain, autoedizioko PUMPK bezalako azokak eta bestelako arte, diseinu eta artisautza azokak jaso ditu bere gimnasioan.
Jazarreko hainbat kidek proiektu berri bat osatzen hasi dira eta Iruñerrian antzeko espazioak bilatzen ari dira, haien jarduerei berriro ekiteko.
Azkenik, Jazar taldeak eskerrak eman nahi dizkie Jazarreko proiektua aberasten lagundu duten pertsona eta talde guztiei, baita Etxabakoitzeko auzoari ere.