Errigorak gaur abiatuko du Nafarroako hegoaldeko ekoizleak babesteko eta euskara sustatzeko kanpaina berri bat
Hemen da berriz "Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura" Errigoraren kanpaina. Martxoaren 30era arte, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko oliba-olio birjina estra, kontserbak, arroza, pasta eta lekaleak eskatzeko aukera izango da, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan.
2022-ko martxoak 10
Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainak, kontsumitzeko erak aldatzeko bide bat proposatzen du. Martxoaren 10etik 30era Agerreko (Nafarroa hegoalde eta erdialdeko) oliba-olio birjina estra eta kontserba, arroz, pasta eta lekale-sortak eskatu ahal izango dira Errigoraren bidez, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan.
“Azken urteetan Errigorarekin bat egin duten milaka herritarren hautuei esker pausu sendoak ematen ari gara Nafarroako baratzean, oinak lurrean eta emeki, bestelako ekoizpen eta banaketa-ereduak ohiko bihurtzeko bidean”, dio Errigorak kanpaina berri honen hastapenetan. Lur-eremu berriak jarri dituzte bestelako ereduen esku, kanpotik ekartzen ziren produktuen ekoizpena Nafarroan berreskuratzen lagundu dute, hainbat ekoizleri ekologikora trantsizioa egiteko bultzada eta babesa eman diote eta euskarari olio-errota eta kontserba-etxeetako ateak zabaldu dizkiote. “Bistan da hori guztia ez dela egun batetik bestera egiterik; oraindik bide luzea dugu elikadura-burujabetzara, baina egindako bideak erakutsi digu ekoizteko erak aldatzeko bide eraginkorra izan daitekeela kontsumitzeko modua aldatzea”, ziurtatzen dute Errigorako lagunek.
Eskaerak, gaurtik aurrera interneten bidez
Bertako goi mailako produktuak prezio lehiakorretan ekoizlearen jatorrizko prezioan? Nola da posible? Sarea eta auzolana. Kanpaina urtean behin egiten da eta, beraz, ideia eskaera handiak egitea da: urtean behin, urte guztirako. Horregatik, olioa bidoietan eskaintzen da eta arroza, pasta eta barazki-kontserbak 12 unitateka.
Banaketa boluntarioen bidez egiten da, eta apirilaren azken astean eta maiatzaren lehen hamabostaldian izango da eta. Eroselak eskaera egiterakoan aukeratu behar du produktuak jasotzeko puntua eta bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa beharko da bere eskaria jasotzera. 200 bat herritan daude banaketa-guneak.
Ordainketak egiteko erreztasunak ere ematen ditu Errigorak. Txartel bidez eginez gero, 100 eurotik gorako ordainketak bi zatitan egiteko aukera izango da (erdia martxoan eta bigarren zatia apirilean). Eskuz ere ordaindu daiteke, produktuak jasotzean.
“Guzti hau auzolanean antolatzen da. Hain zuzen, herriz herri informazioa zabaltzen, eskaerak bideratzen eta produktuak biltegiratu eta banatzen ari direnen lan boluntarioari esker, norbere herrian jaso daitezke produktuak ekoizlearen jatorrizko prezioan. Hau da, olio-errota edo kontserba-etxera joanda ordainduko zenukeen prezio berean”, azaltzen dute Errigorako lagunek.