Askapenak aurtengo brigadei eutsiko die, eta honekin batera bere 35 urteurrena ospatuko du
"35 udagorri Euskal Herria internazionalista eraikitzen, 35 urte udagorritzen!" lelopean jarri du martxan Askapenak bere 35. urteurrenaren ospakizuna. Aurten, eta azken bi urtetako geldialdia eta gero, berriz brigadak izanen dira Europa, Latinoamerika eta Ekialdeko hainbat herrialde bisitatzeko.
2022-ko otsailak 23
Askapenak 35 urte beteko ditu aurten eta, osasun egoerak nahiz ezarritako neurriek baldintzatutako bi urte hauen ostean, berriro ere martxan jarriko dituzte brigadak.
“Internazionalismoak herrion askapen nazional eta sozialean daukan garrantzia jarri nahi dugu mahai gainean. Gure hastapenetik, brigadak izan dira horretarako tresnarik garrantzitsuenetako bat; izan ere, gainontzeko herri langileen borrokak ezagutu eta geureak irakaspen horietaz elikatu dituzte ehunka euskal brigadistek, eta, noski, era berean, gure herriko esperientziak gainontzeko herrietara zabaldu izan ditugu. Horregatik daramatzagu 35 udagorri Euskal Herriari ekarpen internazionalista egiten”, dio Askapenak.
Elkartasunak politikoa izan behar duela dio Askapenak, eta bi norabideetakoa: joan-etorrikoa alegia. “Hori da internazionalismoa; brigadek horri erantzun behar diote. Horregatik, Askapenaren brigadetan ez goaz turismo politikoa egitera, ezta laguntzera edo irakaspen iraultzailerik ematera. Urte luzeetako esperientziak ederki erakutsi digu praktika horiek ez dutela zentzurik, eta jarrera paternalistak bultzatu zein besteen borrokak eskaparate huts izatera daramatzatela; horrek ez dakar herriokiko onurarik. Guk munduko herri langile guztion askatasuna dugu helburu, geurearen askatasuna izanik lehen urratsa, hori baita gainontzeko herriei egin diezaiekegun ekarpenik eraginkorrena”.
Esandako guztiagatik, eta aurkakoa pentsatu baliteke ere, brigadistaren lana Euskal Herrira itzultzean hasten dela azpimarratu nahi izan dute Askapenakoek. “Tokian-tokian antolatuta irakaspenak lau haizetara zabaltzeaz arduratu behar” direla brigadistak, dio Askapenak. “Brigadak ez dira esperientzia pertsonal bat, baizik eta ondo antolatutako talde baten bidez errealitatearen beste ikuspegi batez jabetu eta Euskal Herriak behar dituen irakaspenak lortzea eta, itzultzean, esperientzia horiek dagokien unean eta lekuan aplikatzen laguntzea”.
Gaurtik aurrera brigadetan izena emateko epea zabaldik dago, brigadak@askapena.eus posta elektronikoaren bidez.