Iruñerriko Kontseilu Sozialistak manifestazio bat eginen du urtarrilaren 30an COVIDaren aurkako “neurri autoritarioen aurka”

Iruñerriko Kontseilu Sozialistak uste du Covid pandemiari aurre egiteko hartutako hainbat neurri ez dute oinarri zientifikorik, adibidez Covid ziurtagiria. Abenduaren 30an arratsaldeko 19tan Sarasate Pasealekutik, Neurri autoritarioak gelditu!, lemapean abiatuko da manifestazioa.

2021-ko abenduak 16

Pandemia hasi eta bi urtera, kapitalismoak sortzen dituen kontraesan sozialak, egunetik egunera agerikoagoak dira. Krisiak eragindako ondorioen larriagotzeak, egungo koiunturari forma ematen dio. Burgesiak aberastasunez disfrutatzen jarraitzen duen bitartean, langile klaseak administrazioaren babesgabetasuna pairatzen du, eta biziraun ahal izateko bere gaitasunak ustiatzera behartua ikusten du bere burua. Prezioek gora egin ahala, lan-baldintzak prekarioago bihurtzen dira, eta ondorioz, bizitzaren beraren prezioa garestitzen da. Bien bitartean, zerbitzu publikoen kalitateak behera egiten du baliabide eta inbertsio falta dela-eta, eta langilea bere existentzia propioari aurre egiteko baliabiderik gabe geratzen da.

Hori gutxi balitz, osasun publikoa babestearen aitzakiapean estatu kapitalistek neurriak hartzen dituzte irtenbide errealik eman gabe. Horren adibide argia dugu Nafarroan, Gobernuak eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bat egin baitute konstituzioaren aurkakoak diren eta oinarrizko eskubideak urratzen dituzten neurriak ezartzeko. Hau argi geratu zen, Auzitegi Konstituzionalak berak lehen bi alarma egoerak baliogabetu zituenean, eta ikusiko dugu etorkizunean ere, gerora ezarritako neurriekin zer gertatuko den.

Covid 19aren kasuen azken gorakadaren ondorioz, Nafarroako Gobernuak Covid ziurtagiriaren derrigortasuna ebatzi du gaueko aisialdian, 60 jankidetik gorako jatetxeetan eta 1000 lagunetik gorako ekimenetan. Euste-neurri hau, hasiera batean Europan zehar pertsonen zirkulazio librea bermatzeko helburua zuena, Nafarroako Gobernuak birformulatu, eta azaroaren 27an indarrean sartu zen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren bermeaz. Berme hau, jakinaren gainean era iruzurti batean egin da eta sare zabalen bitartez berme legal gisa helarazi izan da. Aldez aurretik egin bezala, nahiz eta neurri honek datu pertsonalen trataera egokia urratu, eta duen zalantzako legalitatea agerikoa izan, Nafarroako Gobernuak inpunitate osoz ezartzen amaitu du. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak irailaren erdialdean formalizatutako adierazpenaren ostean gertatu da hau, honen arabera Covid 19a “endemikoki edo urtaro-epidemia gisa zirkulatzen duen beste infekzio bat” izatera pasa zen eta “Nafarroako pandemia egoera bukatutzat” ematen zuen.

Pandemiaren hasieratik, ezarritako neurriak momentuko irizpideen arabera egiten eta desegiten aritu dira. Aldatzen doan, etengabe kontraesanetan erortzen den eta kasualitatez enpresa handien eta farmazeutiken berehalako interesekin bat egiten duten irizpide erlatiboen arabera. Haien artean denboran aldakorrak izan direnak edota neurrien arteko logika jarraitzen ez zutenak ere bai: musukoen erabileraren inguruko irizpideak, txertoaren ezarpen edo motaren inguruko irizpideak, protokolo edo euste neurri orokorrak…

Era berean, begien bistan geratu da botere zentralizazioaren sintomak erakusten dituen botere judizialaren eta betearazlearen bat egitea. Botere banaketa berdintasunerako berme gisa saltzen duen ustezko estatu demokratiko batean, aipatutako botereak desegin eta zentralizatzen direnean, forma autoritarioak azaleratzen dira azkenean. Izan ere, buruzagiek bere lege propioak urratzen dituzten bitartean, biztanleriaren gainontzekoa zigortua izaten ari da lege irregular hauek ez betetzeagatik. Herabeki, neurri autoritarioen ezarpenaren aurrekari den modus operan- di bat osatzen ari da.

Nahiz eta arraroa iruditu, pairatzen ari garen egoera bortitz hau ez omen da nahikoa agente sozial eta politikoentzat, izan ere, diskurtso ofizialaren konplize egiten ari dira behin eta berriro. Gutxi edo bat bera ere ez dira, injustizia honen aurrean altxatzen diren agenteen aldarriak; gehiegikerien eta langileen bizi baldintzen larriagotzearen aurka altxatzen direnak. Azpimarratzekoa ere ezkerreko alderdiek, sindikatuek eta azken finean, sozialdemokraziak bere osotasunean duen papera. Amorragarria da, nahiz eta aurreikusgarria izan, langile klasearen ordezkaritza instituzional bakarra, bere etsai nagusi bilakatzea inmabilismo politikoaren baitan. Kontrara, mugimendu sozialista mobilizazioz mobilizazio aritu da orain arte, eta hala jarraituko du. Horren adibide ditugu Gazte Koordinadora Sozialistak urtarrilaren 29an Iruñean eta Bilbon deituriko manifestazioak.

Horregatik, Iruñerriko Kontseilu Sozialistatik, irregularki prozesaturiko zigor ororen berehalako itzultzea, erantzukizunen eta gehiegikerien ondoriozko neurriak argitzea, eta askatasun zibil zein politikoak urratzen duen neurri ororen etete eta derogazioa exijitzen dugu. Era berean, argi utzi nahi dugu, ez gaudela txertoaren edota txertaketaren aurka, eta zientifikoki frogatuta dagoen, eta ongizatea bermatzeko beharrezkoa denaren alde posizionatuko garela. Azken hau bete dadin, eta pertsona guztiok kalitatezko osasun unibertsal bat izan dezagun, beharrezkoa da, osasun publikoaren erritmoa enpresa farmazeutika handien eta elite finantzarioen interesen mende markatzen duen egungo sistema gainditzea. Ideia honetan berretsiz, injustizia guztiak modu eraginkorrean gaindituko dituen sozialismoaren proiektu integrala eraikitzen jarraitu ezean, ez da irtenbiderik izango.

Hortaz, abenduaren 30ean, 19:00tan Sarasate Pasealekutik aterako den manifestaziora dei egiten dugu.
Sozialismoa ala basakeria.

Gehiago