Mendebaldean eta Lezkairun haur eskola euskaldunak aldarrikatu dituzte
Iruñeko Mendebaldea eta Lezkairu auzoetako haur eskola berriak euskarazko murgiltzean ezartzeko aldarrikapena egin diote Nafar Gobernuari eta Iruñeko Udalari. Eremu horietako 0-3ko euskararen bazterketarekin bukatzeko instantzia bilketa bat eraman dute aurrera eremu horietako bizilagunek eta HE Gurasoak elkarteak.
2021-ko abenduak 9
Hezkuntza Departamentuaren atarian egin duten instantzien entrega eta gero HE Gurasoak elkarteko bozeramaileek esan dutenez, haur eskola publikoen eredu linguistikoen banaketa geografikoaren mapari begiratu bat besterik ez zaio egin behar “euskarak eremu hauetan duen bazterketaz ohartzeko”. Hego mendenbaldeko (Mendebaldea-Ermitagaña, Etxabakoitz, Iturrama eta Donibaneko auzoak) eta Hego ekialdeko (Arrosadia, Lezkairu, Zabalgunea, Mendillorri eta Erripagainako auzoak) biztanleek ez dute euskarazko murgiltzearen eskaintzarik. “Inork justifika dezake barruti berean 4 gaztelaniazko murgiltze eredu izatea eta bakar bat ere ez euskaraz? Barruti bakoitzean behintzat murgiltze eredu bana exijitzen dugu, nahikoa da!”.
Gaineratu dutenez murgiltze eredu bakarra dago Iruñeko 16 haur eskolen artean. “Euskarazko eskaintza zonifikatu eta urria, eredu mistoetan eskainita dago gehien bat, non, murgiltze erreala ez da ematen. Eredu mota hauetan gaztelania gailentzen da nabarmen eta euskararen transmisioa oztopatzen da”, azpimarratu dute.
Eredu misto eta beraien sustatzaileei buruz diotenez “eskaintza-eskaria defendatzen dute eskaintzarik gabe, euskara profileko hezitzaile kopurua murriztu nahi dute gero hori euskarazko plazak handitzeko ezinezko aitzakiatzat erabiltzeko, euskal adarrerako hizkuntza eta normalkuntza proiekturik ez dute garatu, arkitektonikoki ez dituzte haur eskolen behar linguistikoak aztertu, ez da linguistika eta pedagogia eztabaidarik egon,… Desastre bat da, eta gainera, bizikidetza, inklusio eta berdintasun eredu bezala saltzeko marketina egiten dute”.
Mobilizazio iragarpena
Haur Eskolak Euskaraz Plataformak (0-3ko familiak, hezitzaileak eta eragile euskaltzale ezberdinak) abenduaren 16an burutuko den mobilizaziorako deia egin du. Iruñeko Udaletik abiatuko da 17:30etatik aurrera Nafarroako Parlamenturaino “Haur eskoletan hezi, bizi eta lan euskaraz” lelopean.
Adierazi dutenez “Iruñeko Udalaz gain, Nafarroako Gobernua interpelatu nahi dugu. Gimeno jauna, PSN eta bera babesten dituzten indar politikoak dira haur eskolen banaketan azken hitza dutenak. Hezkuntza Departamentuak Iruñeko Udaletik ateratzen diren planak aldatzeko eta bere haur eskoletan euskara gehiago eta murgiltzean eskaintzeko eskumena dauka”.