“(Des)Memoria Demokratikoak” jardunaldiak, datorren astean Iruñean
Sanfermines 78 gogoan elkarteak jardunaldiak antolatu ditu Memoria Demokratikoari buruzko Lege proiektua aztertzeko edo hari buruz hausnartzeko. “(Des)Memoria Demokratikoak” izeneko jardunaldiak azaroaren 23, 24 eta 26an eginen dira, Kondestable Jauregian eta Plazaran, arratsaldeko 19:00etan.
2021-ko azaroak 20
Heldu den asterako antolaturiko jardunaldien xedea hauxe da: Euskal Herrian eta Estatu osoan, gerran, diktaduran eta trantsizioan, giza eskubideen aurka izandako urratze larriei buruzko zenbait errealitate eta Kongresuan, orain, izapidetzen ari den Memoria Demokratikoari buruzko Lege Proiektua lotzea.
“Izan ere, ezagutu nahi ditugu frankismoak gizateriaren aurka gauzaturiko zenbait krimen eta aztertu aipatu proiektuak zein neurritan ematen dien erantzuna kontuan hartutako errealitate horietako bakoitzarentzat galdatzen diren Egia, Justizia eta Ordaina eskakizunei”, esan du ekimen memorialistak. Jardunaldi hauetan lurralde batzuetako zenbait elkarte eta plataforma memorialistaren bozeramaileek hartuko dute parte, eta azalduko proiektuak zein neurritan ematen dien erantzuna galdatzen dituzten Egia, Justizia eta Ordaina eskakizunei.
Lehendabiziko mahai-ingurua heldu den azaroaren 23an, asteartearekin, eginen da, Plazaran. Euskal Herrian izandako Giza Eskubideen urraketarekin lotutako errealitate batzuk azalduko dira. Gonbidatuak, hauexek: Pili Zabala, Joxi Zabalaren arreba; Javi Buces, Aranzadi Zientzia elkarteko kidea, eta Andoni Txasko, Martxoak 3 elkarteko bozeramailea.
Hurrengo egunean, 24an, asteazkenarekin, Kondestable Jauregian, “Bolante baten historia” dokumentalaren sortze-prozesua aurkeztuko da. Dokumentalak Jose Miguel Etxeberria “Naparraren” erailketa eta desagertzea aztertzen ditu. Aurkezpenean ondoko hauek hartuko dute parte: Iñaki Alforja, dokumentalaren zuzendarikidea eta Eneko Etxeberria, Naparraren anaia.
Azkenean, azaroaren 26an, ostiralarekin, Plazaran, Madril, Galizia eta Valentziako elkarte batzuetako ordezkariek hartuko dute parte. Celso López Pazos “Iniciativa Galega por la Memoria” plataformakoa. Plataforma horrek lurralde horretako berrogeita hamarretik gora elkarte memorialista biltzen ditu. Valentziatik, Lucila Arago Carrión “Acció Ciutadana Contra la Impunitat del Franquisme” plataformako kidea arituko da. Plataforma horrek Pais Valenciako zenbait esparru memorialista biltzen ditu eta kereila argentinarrean lan egiteaz gain, zenbait ekimen eta jardun judizial sustatzen ditu, desagertze, tortura, erailketa eta hobi komunen kasuekin lotuak (Paterna, Castellon…). Azkenik, Nati García Álvarez, “La Comuna, Asociación de Presos/as y Represaliados/as por la Dictadura Franquista” elkartea ordezkatuz. Madrilgo kolektibo hori diktadura militarrean eta trantsizioan torturak eta espetxe zigorrak pairatu zituzten pertsonek osatzen dute.