Barañaingo Udalak 13 lanpostu publikoetan euskara hizkuntza eskakizuna kentzearen aurkako kanpaina abian jarri dute

Barañaingo hainbat herritar euskaldun euskaraz bizitzeko duten eskubidea aldarrikatu dute Udalaren hizkuntz eskubideen murrizketen aurrean, eta informazio kanpaina bat martxan jarriko dutela adierazi dute.

2021-ko azaroak 1

Barañainen euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu eta Udalak 2021eko ekainaren 22an udalaren lanpostuen hizkuntza eskakizunen harira hartu zuen erabakia salatzeko agerraldia egin du bizilagun talde batek. Udalak, osoko bilkuran PSNko eta N+ko zinegotzien aldeko botoekin, udaleko 13 lanposturi lehendik zuten hizkuntza eskakizuna kendu dizkie.

Horren aurrean informazio kanpaina bat abian jarriko dute Barañaingo herritarrei honen guztiaren berri emateko.  “Egia bada ere 2002tik hona Barañaingo Udalak herritar euskaldunoi zerbitzua nafarron jatorrizko hizkuntzan emateko hainbat urrats egin dituela Bai Euskarari proiektuaren barnean, udala oraindik ere ez da herritarroi zerbitzu guztiak euskaraz emateko gauza, eta 2021eko plantilla organikoan euskarazko hizkuntza eskakizun horiek kentzeak egoera areagotu egin du, herritar euskaldunon hizkuntza eskubideei dagokienez. Izan ere, herritarroi zerbitzu egokia ematea da edozein administrazioren egitekoa, eta Barañaingo euskaldunok eskubide osoa dugu udalak ematen digun zerbitzua gure hizkuntzan jasotzeko eta bigarren mailako herritarrak ez izateko”, adierazi dute.

Horregatik, Barañaingo Udalari eskatzen diote 2022ko plantilla organikoan berriz ere euskarazko hizkuntza eskakizuna ezar diezaiela 13 lanpostu horiei eta euskarazko zerbitzua bermatzeko beharrezko diren lanpostu guztiei, eta “Barañaingo bizilagun euskaldunon hizkuntza eskubideen urratzea amaitzeko bidean aurrerapauso eraginkorrak egiteko”.

Azkenik, Barañaingo herritar euskaldun guztiei dei egin nahi diete udalean ere “lehen hitza euskaraz egin dezaten eta euskarazko zerbitzua eska dezaten, gure herrian gure hizkuntzan bizitzeko eskubide osoa baitugu”.

Gehiago