Arrano elkarteak bere 40. urteurena ospatuko du elikadura burujabetzari elkartasun keinu bat eginez

2024-ko maiatzak 9

Datorren maiatzaren 18an, larunbata, Arrano Elkarteak Nafarroako behi bat erreko du Burduntzi estiloan, 40. urteurrena ospatzeko eta bertako produktuen kontsumoa sustatzeko. Behiaren erreketa aurreko egunean hasiko da, ostiralean, 21:00etan -hamabi bat orduko prestaketa behar da-, eta dastaketa larunbatean eguerdiko 13:00ean hasiko da. Parte hartzeko txartelak Herriko Tabernan eta EHNEn erosi ahal izango dira hilaren 10etik aurrera, eta soberan badaude, dastatze egunean, 4 euroren truke.

Elkarteak 40 urte betetzeagatik antolatutako ekitaldi ikusgarrietako bat izanen da, baina ez bakarra. “Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren historia Nafarroan” izenburupean antolatutako hitzaldia antolatu dute, Eduardo Azcona Deikazteluko artzaina, Maria Jose Sagasti irakasle eta ikertzailea eta Jose Miguel Lana NUPeko katedradunaren eskutik. Hitzaldia maiatzaren 17an izango da, 18:30ean, Iruñeko Udaleko Erabilera Anitzeko Aretoan (Calderería kalea, 11). Horrekin guztiarekin, Arrano Elkarteak tokiko ekoizle txikiei lagundu eta hurbileko merkataritza bultzatu nahi du.

Bestetik, Arrano Elkarteak Iruñeko eta Nafarroako beste elkarte eta peñei tokiko kontsumoaren aldeko komunikatu bat bidaliko die “horrekin bat egin eta sukaldeetan tokiko produktuak erabil ditzaten”.

Era berean, bertako ekoizleei dei egiten die “beren datuak eman ditzaten elkarte eta peñen artean zabalduko den zerrenda batean sartzeko, hurbiltasuneko elikagaiak zuzenean eros ditzaten eta beren ohiko menuetan sar ditzaten”, azaldu du Josu Armendariz Arrano Elkarteko lehendakariordeak.

Bestalde, Nafarroako Ternera AGBko presidente Fermin Irigaraik eskerrak eman ditu Arrano Elkartearen gonbidapenagatik. Elkartearekin bat dator “tokiko produktuen kalitatearen defentsan, hurbiltasuneko kontsumoaren garrantzian eta, azken finean, elikadura-subiranotasuna izango den guztian”.

Fermin Irigaraik gogoratu nahi izan du “kalitate estandar gogorrak betetzen dituzten produktu itzelak ditugulako lur honetan, kanpotik datozen eta kontrol horietatik pasatzen ez diren beste batzuekin lehian”. “Tokiko kontsumoaz ari naizenean, txahalaz ez ezik, barazkiez, arrautzez, gaztez… ere ari naiz”, gehitu du.

Azkenik, EHNEko idazkari nagusi Patxiku Irisarrik elikagai prestatuen indarra areagotu egin dela ohartarazi du. “Gero eta denbora gutxiago dugu sukaldean aritzeko eta lapikoa sutan jartzeko”, adierazi du. Hala ere, nabarmendu du gizarteak oraindik ere “elikagaiak mimoz prestatzen” diren guneak direla, eta horregatik oso berezia dela 40. urteurrenaren ospakizuna, “gure produktuak peñetara eta, oro har, gizartera hurbiltzeko”.

Ildo beretik, hiriek “udal-merkatuak eta antola daitezkeen azokak” defendatu behar dituela aipatu du. Produktuak azken kontsumitzaileari hurbiltzeko, “geroz eta beharrezkoagoak izango diren ekintzak” bultzatuz. 

“Mobilizazio-garai hauetan, merkatuak eta ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harreman zuzena hazi egin behar dira, kontsumo-taldeak edo zuzeneko salmenta lantzen duten beste sistema batzuk osatuz”, amaitu du.

Gehiago